Saltar al contenido principal
  • Artículo
  • Partikularrak
  • Segurtasuna eta iruzurra

Nola saihesten ditugu sareko iruzurrak?

Tiempo de lectura: 7 min
Publicación: 5/2/21
Última actualización: 18/11/26

Interneten iruzurrak eguneroko ogia dira. Ziberdelitugileek batzuen beldurraz, ezjakintasunaz eta despisteez baliatzen dira haien datuak lortu eta kontuetatik dirua kentzeko. Iruzur horiek nahiko ohikoak dira eta puri-purian daude. Gaurko artikuluan, iruzurrik ez jasateko jarraibideak eta aholkuak emango dizkizugu, baita vishing delakoari buruzko xehetasun gehiago ere, engainu-modalitate berria baita.

Bizumen zure segurtasuna da gure lehentasuna, eta lasai egotea nahi dugu. Horregatik, Bizum ordainketa-sistema seguru bihurtzen duten zenbait arrazoi errepasatuko ditugu. Eta azken eskaera bat gure bizumzaleentzat: zentzu komuna! Oso baliagarria izango zaigu engainatzen ez uzteko eta disgustuak saihesteko.

Bizum, segurtasun-akatsik gabe

Argitu beharreko lehenengo gauza, batez ere zure lasaitasunerako, zera da: Bizum bidezko iruzur-kasuak ez direla segurtasun-akatsen ondorio. Gertakari gehienetan, iruzurgileek bezeroak konbentzitzen dituzte haien banku-datuak eskatzeko. Bizumek, kontutik konturako ordainketa-metodoa den heinean, segurtasun-bermerik handiena eskaintzen du Europar Batasunak araututako estandarren eta gure herrialdeko legeriaren arabera. Izan ere, Bizum Europako zein Espainiako segurtasun-araudia betez sortu zen.

PSD2 araudiak Bezeroaren Benetakotze Indartua edo SCA erabiltzera behartzen du. Horrek esan nahi du lehen eskatzen ez zuten banku-eragiketetan benetakotzearen bi faktore erabili behar direla.

Erabiltzailearen baliozkotze hori banku bakoitzak egiten du, bere segurtasun-politika eta -prozeduren arabera.

Bizumen, gure erabiltzaileen segurtasuna eta lasaitasuna dira lehenengoa

Noiz susmatu Bizum bidezko kudeaketa batean?

Bizum bidezko iruzurrek zerikusia dute erabiltzaileek beraiek jakin gabe delitugileei ematen dieten informazio pertsonalarekin. Bizumetik zalantza eragin diezazuketen egoera batzuk utziko dizkizugu:

– Bizum bat egingo badizute, hau da, dirua jasoko duena zu izango bazara, ez duzu zure bankuko kredentzialik sartu behar. Une horretan Bizum aktibatuta ez baduzu, mezu bat jasoko duzu zure bankuaren aplikazioaren barruan egin dezazun; ingurune segurua da hori.

– Bidalketa-eskaerak. Zure Bizumetik dirua bidaltzeko eskaera bat bazter dezakezu zure bankuaren aplikazioaren barruan. Baten bat jasotzen baduzu, egiaztatu zuzena dela. Susmorik baduzu eta iruzur baten biktima izaten ari zarela uste baduzu, dirua bidaltzeko eskaera ukatu dezakezu zure bankuaren aplikazioan.

– Ez dut Bizum bidez egindako ordainketa bat ezagutzen, zer egin dezaket? Begiratu ondo ordainketaren xehetasunak zure bankuaren aplikazioan edo zure banku-kontuan, identifikatzen ez duzula ziurtatzeko. Kasu horretan, jarri berehala harremanetan zure erakundeko bezeroarentzako arreta-zerbitzuarekin. Haiek esango dizute nola jokatu eta, benetan bidegabeko kargu bat bada, nola eskatu dirua itzultzea.

Bizumen ez dizkizugu inoiz gakoak edo kontu-zenbakiak eskatuko

'Vishing'-a iruzur-metodo berri bat da, telefonoa eta internet uztartzen dituena erabiltzaileak engainatzeko eta datu pertsonalak iruzur bidez eskatzeko

Gizarte Segurantza eta Bizum ‘vishing’-kasu batean

Agian ezaguna egingo zaizu iruzur hau. Ziberdelitugileak Gizarte Segurantzako funtzionario gisa aurkezten dira, eta haien kontura Bizum bidez diru-sarrera bat iritsiko zaiela sinetsarazten diete. Zibersegurtasuneko Institutu Nazionalaren menpeko Internautaren Segurtasunerako Bulegoak (OSI) ustezko iruzur baten berri eman du: erakundearen nortasuna ordezkatzen duten deiak egiten dituzte, Bizum bidez erabiltzaileei karguak egiteko.

Gizarte Segurantzako ustezko funtzionario baten iruzurrezko dei bat jasotzen da, diru kopuru bat itzultzeko aitzakiarekin; adibidez, seme-alabak kargura izateagatik edo amatasunagatik. Batzuetan ez da arrazoia zehazten.

Komunikazioan Bizum erabiltzea eskatzen da, ziberdelitugileak jakinarazpen bat bidaltzen baitio erabiltzaileari haren bidez. Igorlea TGSS gisa ager daiteke sinesgarritasun handiagoa emateko. Engainua orduan dator: jasotzen den eskaera ez da ordainketa bat jasotzeko, kobrantza-eskaera bat baizik. Pertsona ez bada konturatzen eta onartzen badu, kargu bat egingo zaio.

Adi susmoa harrarazten duten 3 seinale hauei!

1. Ez zure bankuak ez Bizumek ez dizute kontu-zenbakirik eskatuko. Norbaitek haien izenean egiten badu, ez onartu.

2. Egin susmoa baldin eta Gizarte Segurantzak, Ogasunak, Postetxeak… izaera pertsonaleko datuak eskatzen badizkizute.

3. Eskatutako kudeaketek kanpoko esteka batera eramaten bazaituzte, ez egin ezer benetako URL bat dela egiaztatu arte. Zure aplikazioko edozein aldaketa banku-aplikazioaren ingurunearen barruan egiten da. Egin zalantza horrela ez bada.

Iruzurra gertatu bada, egin beharreko lehenengo gauza salaketa jartzea eta gure bankuari jakinaraztea da

Bizum bidez iruzur egin didate, zer egin dezaket?

Iruzurgileek beren helburua lortu dute. Hau da egin behar duzuna:

    • – Salaketa jarri Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen (ESIK) eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren aurrean. Delitu telematikoen taldea martxan jarriko da.
    • – Banku-datuak eman badira, zuzenean jarri behar da harremanetan bankuarekin, dagozkion segurtasun-neurriak hartzeko eta, horrela, kargu gehiago egitea saihesteko.
    • – Internautaren Segurtasunerako Bulegotik iruzur baten berri emateko bide batzuk uzten dizkigute.

Bizumetik beharrezko informazio guztia emango dugu kasu bakoitza ikertzeko. Mugimenduen datu guztiak gure sisteman erregistratuta geratzen dira. Bizumen beti laguntzen dugu gure esku dagoen laguntza guztia eskainiz, delituaren erantzukizuna argitzeko.

Beraz, bizumzale, orain iruzur egiteko moduak ezagutzen dituzula, susmarazten zaituen edozein seinaleri adi egotea besterik ez zaizu geratzen eta, batez ere, zentzu komunez jokatzea.

Nola saihestu iruzurrak interneten

Interneten iruzurrak nola saihestu jakiteko modurik onena da ohikoenak zein diren jakitea, eta iruzurrak saihesteko zer jarraibidek lagun diezaguketen horiek identifikatzen, haien amarruetan ez erortzeko.

Jarraian, iruzur ohikoenetako batzuk eta horiek saihesteko modurik onena partekatu nahi ditugu zurekin:

Interneteko iruzur ohikoenak

Inoiz eskatu ez zenituen sari faltsuak

Gaur egun asko erabiltzen den sareko iruzur bat biktima potentzialari SMS bat bidaltzean datza: sari bat irabazi duela eta hura jasotzeko esteka jakin batean klik egin behar duela iragartzen zaio; oro har, esteka horretan datu konprometituren bat eskatu ohi da, hala nola banku-kontuaren zenbakia.

Kasu honetan, interneteko iruzurrak saihesteko modurik onena SMS horrek helarazi nahi digun “presari” erreparatzea da, mezuaren iturria egiaztatzeko astirik izan ez dezagun baino ez baitu bilatzen. Sari bat benetan irabazten denean, erakundeak ez dio inoiz presarik emango erabiltzaileari hura eska dezan, saria berea baita jada eta nahiko epe zabala izan ohi baitu hura eskatzeko.

Era berean, ohikoa da ustezko sari horiek benetan inoiz parte hartu ez dugun zozketetatik etortzea, eta, beraz, berez ematen dute susmo apur bat. Inoiz bilatu ez zenuen ustezko sari baten berri ematen duen SMS edo mezu elektroniko bat jasotzen duzun bakoitzean, ez zaitez saiatu estekan klik egiten (eta are gutxiago zure datu pertsonalak ematen), iruzur bat baita.

Phishing-a, interneteko iruzur ohikoenetako bat

Interneteko beste iruzur ohikoenetako bat “phishing” izenez ezagutzen duguna da; amarru hori web-orri bat ia berdin bikoiztean eta biktima potentzialari bidaltzean datza.

Horretarako, lehenik eta behin mezu bat bidali ohi da SMS bidez edo posta elektronikoz bere banku-kontuan izandako jarduera susmagarri baten berri emateko. Web-orri faltsutuan sartzean, biktimak bere erabiltzailea eta pasahitza sartzen ditu, benetan bere bankuan sartzen ari dela pentsatuz; hala ere, datu horiek hacker batengana iristen dira, eta honek, automatikoki, erabiltzailea eta pasahitza aldatuko ditu kontu berri hori bereganatzeko.

Iruzur hori mota guztietako kontuak galtzeko erabil daiteke, eta ez diru-kontuak bakarrik, baita jarraitzaile asko dituzten sare sozialetako kontuetarako edo web-orrietarako sarbidea ere.

Garrantzitsuena orri ofiziala ez den beste ezein web-orritara ez sartzea da, ezta webgune korporatiboak berak ematen duena ez den beste ezein telefono-zenbakitara deitzea ere. Amarru hori ezagutzeak interneteko erosketetan iruzurrak nola saihestu jakiten ere lagunduko digu.

‘Vishing’-a, telefonoa eta internet uztartzen dituen iruzur berria

Vishing-a telefono-dei baten bidez egiten den iruzur bat da, pertsona baten datu pertsonalak edo bankukoak lortzeko helburuarekin. Guardia Zibilaren Delitu Telematikoen Taldeak iruzur-aldaera berri honetaz ohartarazi du; termino hori voice eta phishing hitzen batasunetik dator, eta telefonoa eta interneta uztartzen ditu. Horrela jarduten dute:

    • – SMS bat jasotzen da engainuaren amuarekin. Diru kopuru bat itzuliko dizutela edo zure kontuan kargu bat egin dela jakinarazten duten mezuak.
    • – Bankura berehala deitu beharrean, pertsonak mezua bidali den zenbakira deitzen du.
    • – Gune zentral batek gure NANa eta txartel-zenbakia eskatzen ditu, ustez iruzurrez egindako erosketa bertan behera uzteko edo itzulketa egiteko.
    • – Informazio hori lortzeko, delitugileek hirugarren baten nortasuna ordezkatzen dute. Iruzur egiteko behar duten informazioa eman berri diegu.
    • – Irtenbidea da hasierako SMSari kasurik ez egitea, telefono horretara ez deitzea eta telefonoz datu pertsonalik ez ematea.

Nola saihestu iruzurrak sareko erosketetan

Sareko beste iruzur ohikoenetako bat iruzurrezko orrietan datza, zure kontu-zenbakia lortzea edo inoiz iristen ez den produktu batengatik ordaintzea baino bilatzen ez dutenak; izan ere, phishing-a ere ohiko iruzurra da interneteko erosketetan:

Nola saihestu interneteko iruzurrak zure online erosketetan?

    • – Saihestu ezagutzen ez dituzun orrietan erostea; sortu berri den orri bat bada, bilatu iritzi fidagarriak interneten animatu aurretik.
    • – Egiaztatu bisitatzen dituzun orriak “HTTPS” bidez hasten direla, horrek esan nahi baitu zure nabigazio-datuak zifratzeko beharrezko segurtasun-protokoloak dituela.
    • – Eskaintza bat egiatia izateko onegia bada, seguruenik ez da egia izango.
    • – Sartu nahi duzun online dendan zuzenean bilatzailitik; horrela, beste denda batzuen itxura egiten dutenak saihestuko dituzu, normalean sare sozialetan utzi ohi baitituzte sarbide-estekak.
    • – Begiratu ondo produktuaren deskribapena eta izena, jatorrizkoa dela egiaztatzeko; ahal den guztietan, irakurri arretaz erabiltzaileen iritziak.