Saltar al contenido principal
  • Actualidad

Bizum bere identifikatzaile digitala hedatzen hasi da

Tiempo de lectura: 3 min
Publicación: 27/11/26
  • CaixaBank, Santander eta BBVA azken xehetasunak prestatzen ari dira zerbitzua bezeroen eskura jartzeko

Madril, 2023ko abenduaren 20a. Bizum, Espainiako bankuen bidez mugikorretik berehalako ordainketak egiteko irtenbidea, bere identifikatzaile digitala hedatzen hasi da. Funtzionalitate horrek erraztu egiten ditu erabiltzaileek online zerbitzuetan erregistratzeko eta haietara sartzeko eman behar dituzten pausoak, eta prozesua erosoagoa, azkarragoa eta seguruagoa bihurtzen du. Saltokientzat, berriz, zerbitzu berriari esker, txikiagoak izango dira bezero berrien datuak egiaztatzeko kostuak, babes handiagoa izango dute iruzurraren aurka eta erosketa-konbertsioa handituko da.

Espainiako hiru banku handienek garatu dute dagoeneko funtzionalitate berria: CaixaBankek, Santanderrek eta BBVAk. Horri esker, BBVAk programa pilotu bat prestatu du Madrilgo Unibertsitate Politeknikoarekin (UPM), eta datozen asteetan jarriko da martxan. Beste bi bankuak ere programarekin bat egingo dute zerbitzua bezeroen eta saltokien eskura jartzen dutenean. Hala, UPMko ikasleek beren burua identifikatu eta unibertsitateko hainbat izapide elektronikoki egin ahal izango dituzte, Bizumen identifikatzaile digitalaren abantaila guztiekin.

Hiru bankuek egindako garapenei esker, Bizumen identifikatzaile digitala milioika erabiltzaileren, saltokiren eta online zerbitzu-hornitzaileren eskura egongo da. Atxikitako gainerako bankuek ere pixkanaka txertatuko dute beren jardunean, Espainiako bankuek identifikazio digitaleko zerbitzuen garapenean eginkizun garrantzitsua izan dezaten eta Bizumen funtzionalitate berri hau Espainiako identifikazio-metodo nagusietako bat bihur dadin.

Integrazio erraza, kostu operatibo txikiagoak eta konbertsio handiagoa

Bizumen identifikatzaile digitala oso erraza da saltokiaren webgunean edo aplikazioan txertatzeko, batez ere dagoeneko Bizum bidezko online ordainketa integratuta badu; gaur egun, 57.000 saltokik baino gehiagok dute integratuta.

Prozesua errazteko, Bizumek www.identificador.bizum.es webgunea jarri du saltokien eskura. Bertan, zerbitzuaren funtzionamenduari eta inplementazioari buruzko azalpenak aurki daitezke.

Funtzionalitate berri honek saltokien kostu operatiboak ere murriztuko ditu. Izan ere, erregistro-prozesua Bizumen esku uztean, ezabatu egingo dira bezero berrien informazioa mekanismo propioen bidez egiaztatzearen kostu handiak.

Ikuspegi komertzialetik, erregistro-prozesua errazteak eta Bizumek sortzen duen konfiantzak eta eguneroko erabilerak erosketa-konbertsioa handitzen dute, Bizum identifikazio-metodo errazago eta zuzenago gisa aukeratzea bultzatzen baitute.

Iruzur-arrisku txikiagoa eta pribatutasun handiagoa erabiltzaileentzat

Funtzionalitate berri honen beste ekarpenetako bat iruzurra murrizten laguntzea da: bezeroa bankuek baliozkotutako informazioarekin identifikatuko da, eta, horrela, erosketa egitean erabilitako datuak egiazkoak direla bermatuko da.

Erabiltzaileentzat, Bizumen identifikatzaile digitalak erraztu egiten du online saltokietan erregistratzeko prozesua. Ez da pasahitzik erabili edo datu pertsonalak eskuz eman behar: nahikoa dira telefono-zenbakia eta bankuaren aplikazioa. Gainera, Bizumen identifikatzaileak aukera emango die erabiltzaileei beren informazio pertsonalari buruz beste enpresa batzuei emandako baimenak kudeatzeko: partekatu dituzten datuak ikusi eta baimenak edozein unetan baliogabetu ahal izango dituzte. Horrek guztiak pribatutasun handiagoa ematen dio erabiltzaileari eta nabarmen hobetzen du haren esperientzia.

Secret Link