- Actualidad
Bizumek egunean 2,5 milioi eragiketa baino gehiago izan zituen 2023an: 30 bizum segundoko
- Iaz 940 milioi eragiketa egin ziren Bizumekin, eta horien balioa 51.000 milioi eurotik gorakoa izan zen
- 2023an, Bizumek bere zerbitzuaren esparrua zabaldu zuen: lurralde gehiagotara iristeko, beste herrialde batzuekin interkonexio-akordio bat sinatu zuen, eta zerbitzu berriak eskaintzeko, identifikatzaile digitala abiarazi zuen
- Online dendetako ordainketak bikoiztu egin ziren aurreko urtearekin alderatuta: 30 milioi eragiketa egin ziren, 1.650 milioi euroren balioan
Madril, 2024ko urtarrilaren 17a. Bizumek, Espainiako bankuen mugikorraren bidez berehala ordaintzeko irtenbideak, etengabe hazten jarraitzen du. Iaz, batez beste 2,5 milioi bizum egin ziren egunean, 30 bizum segundoko. Egun batean egindako bizum kopuruaren marka joan den abenduaren 1ean lortu zen, 4,2 milioirekin (batez beste 48 bizum baino gehiago segundoko).
2023an, bizumerrek 940 milioi bizum egin zituzten lagunei edo senideei ordaintzeko, merkataritza elektronikoan erosketak egiteko, gizarte-kausetarako dohaintzak egiteko eta Estatuko Loteria eta Apustuetan kobratzeko eta ordaintzeko. Eragiketa horien bolumena 51.000 milioi eurotik gorakoa izan zen.
Ángel Nigorra Bizumeko zuzendari nagusiaren arabera, «Iaz oso urte garrantzitsua izan zen Bizumentzat, ez bakarrik emaitzengatik, baita zerbitzu berri batekin eta herrialde gehiagotara iristeko akordio batekin gure esparrua zabaldu dugulako ere». Ildo horretan, 2023an Bizumek zerbitzu berri bat abiarazi zuen, lehendik eskaintzen duenaren osagarria, eta hainbat erakunde dagoeneko hasi dira hura merkaturatzen: identifikatzaile digital bat da, erabiltzaileei saltokietan eta enpresetan erregistratzea eta haietara sartzea errazten diena, mugikor-zenbakia besterik gabe. Horrela, online erosteko esperientzia hobetzen du saltokietan eta zerbitzu-hornitzaileetan.
Gainera, iaz, Bizumek beste lurralde batzuetara ere zabaltzeko asmoa berretsi zuen, Italiako eta Portugalgo mugikor bidezko ordainketa-irtenbide nagusiekin akordio bat sinatuta. Horrela, erabiltzaileek berehalako ordainketak egin ahal izango dituzte mugikorrarekin, azkar, eroso eta seguru, hiru herrialdeetan eta baita Andorran ere, bertako hiru erakundeek dagoeneko Bizum eskaintzen baitute.
Merkataritza elektronikoa da Bizumen hazkundearen eragile nagusia
Bizum bidezko online erosketak bikoiztu egin ziren 2022arekin alderatuta: 30 milioi erosketa egin ziren, 1.650 milioi euro inguruko balioan. Azaroan eta abenduan, batez beste 120.000 erosketa baino gehiago egin ziren egunean Bizumekin. Gainera, arlo horretan ere egun bakarrean Bizumekin egindako erosketa kopuruaren marka hautsi zen: 218.000 erosketa egin ziren Black Friday egunean.
Ángel Nigorraren arabera, «2023an ikusi dugu gero eta saltoki eta online zerbitzu gehiagok, tamaina eta sektore guztietakoek, eskatu dituztela bezeroei Bizum ordainbide gisa onartuta mugikor-zenbakia besterik gabe ordaintzeko aukera ematearen abantailak. Horretan, erakundeek oso zeregin garrantzitsua izan dute, saltokiei aukera hori eskuratzea ahalbidetu eta arindu baitiete». Gaur egun, 58.700 online negozio baino gehiagok onartzen dute Bizum ordainbide gisa.
Dohaintzak eta ordainketak eta kobrantzak Estatuko Loteria eta Apustuetan
2023an, bizumerrek berriro erakutsi zuten gizartearekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa: 600.000 dohaintza baino gehiago egin zituzten, eta horien balioa 24 milioi eurotik gorakoa izan zen. Hala, 9.500 gizarte-kausa baino gehiagok dute Bizum kode bat funtsak biltzeko.
Bestalde, Estatuko Loteria eta Apustuen 11.000 establezimendu baino gehiagotan Bizumekin egindako aurrez aurreko ordainketek eta kobrantzek ere lagundu zuten mugikor bidezko ordainketa-irtenbidea hazten: ia bikoiztu egin ziren. 2023an, 270.000 eragiketa egin ziren (121.000 ordainketa eta 150.000 kobrantza). Eragiketa horien bolumena 37,4 milioi eurokoa izan zen.
2024rako aurreikuspenak
2024an, Bizumen helburua da 28 milioi erabiltzailera, 85.000 saltokitara eta 1.000 milioi eragiketatara iristea. Gainera, funtzionalitate berriak eskuragarri egotea aurreikusten da, Bizum espainiarren ordainbide gogokoena izaten jarrai dezan: harpidetzen ordainketa, ordainketa partekatuak, hirugarrenen aplikazioetan dirua kargatzea, aurrez aurreko ordainketa eta abar.
Ildo horretan, Bizumeko erakundeek identifikazio digitaleko zerbitzu berria sustatuko dute. Zerbitzu horri esker, saltokiek bezeroen datuak eta autentifikazio fidagarri bat izango dituzte; Bizumen erabiltzaileek, berriz, hirugarrenei beren informazioa lagatzea kontrolatzeko eta saltokietara pasahitz gehigarririk gabe sartzeko mekanismo bat izango dute.