- Actualidad
Europako mugikor bidezko ordainketa-soluzio nagusiek, BIZUMek, BANCOMAT Payk eta MB WAYk, elkarreragingarritasunerako akordioa egin dute
Lisboa, 2023ko abenduaren 14a – BIZUMek (Espainia), BANCOMATek (Bancomat Pay, Italia) eta SIBSek (MB WAY, Portugal), bakoitza bere merkatuan mugikor bidezko ordainketa-zerbitzuetan lider diren enpresek, asmo-adierazpen bat sinatu zuten atzo, elkarreragingarritasuna ezartzeko. Akordio honen helburua da erabiltzaileek hiru herrialdeetan berehalako ordainketak azkar, eroso eta seguru egin ahal izatea, telefono mugikorra erabiliz.
Akordio honen helburua da hiru herrialde horietako bakoitzean erabiltzaileen konfiantza duten mugikor bidezko ordainketa-soluzio nagusiak konektatzea. Hala, Europa osoko ordainketen merkatu burujabe eta sendo bat garatzen lagundu nahi dute, lehendik dauden ordainketa-soluzioen arteko elkarreragingarritasunaren bidez eta SEPA berehalako ordainketen estandarrak eta Europako herrialdeetan gehien erabiltzen diren mugikor bidezko ordainketa-soluzioak baliatuz. Aurrerago Europako beste ordainketa-soluzio batzuek ere ekimen honetan parte hartzeko aukera zabalik dago.
BIZUMek, Bancomat Payk eta MB WAYk pertsonen arteko ordainketak (P2P) eta pertsonek enpresei egindako ordainketak (P2B) eskaintzen dituzte. Soluzio horiek 42,7 milioi erabiltzailek darabiltzate, eta erabiltzaile horiek 1.470 milioi ordainketa egin zituzten 2023an hiru herrialdeetan.
Akordioak BIZUM, BANCOMAT Pay eta MB WAYren arteko elkarreragingarritasunaren printzipioak ezartzen ditu. Helburua da lehen urrats gisa P2P elkarreragingarritasuna 2024an garatzea, eta etorkizunean ordainketak egiteko beste erabilera batzuk gehitzea.
Ángel Nigorra Bizumeko zuzendari nagusiak dio: «Zalantzarik gabe, erabiltzaileek onarpen handia eman diete ordainketa digitaleko bitartekoei. Horren adibide da Bizum Espainian: 25 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu, eta “bizum bat egitea” herritarren eguneroko hizkeraren parte da dagoeneko. Akordio honen bidez, Bizumen soluzio bat sortu nahi dugu Europako herritarrek egunerokoan ordaintzeko eta dirua jasotzeko dituzten behar guztiei erantzuteko, edozein dela ere haien jatorrizko herrialdea. Uste dugu hori lortzeko ezinbestekoa dela merkatuen arteko elkarreragingarritasuna. Espero dugu hau lehen urratsa besterik ez izatea, erabiltzaileek mugikor bidezko ordainketa-bitarteko erraz, eroso, seguru eta unibertsal bat izan dezaten beste erabiltzaile batzuei dirua bidaltzeko eta haiengandik jasotzeko, eta, etorkizunean, ordainketa-behar guztiei erantzuteko, hala nola dendetako erosketak ordaintzeko».
Oscar Occhipinti BANCOMAT S.p.A. enpresako marketin-zuzendariak dio: «Akordio honi esker, harro iragar dezakegu BANCOMAT Pay®-k beste urrats bat egin duela Europako elkarreragingarritasunerantz, eta, zehazki, Italiako bezeroei Espainiako eta Portugalgo erabiltzaileekin transferentziak egiteko aukera ematen diela. Uste dugu hori dela Europa osoko benetako sare alternatibo bat sortzeko bide egokia, transakzioak eta SCT-INSTen erabilera areagotzeko».
Madalena Cascais Tomé SIBSeko zuzendari nagusiak dio: «Akordio honekin, urrats garrantzitsua ematen ari gara MB WAYren eta Europako mugikor bidezko ordainketa-soluzio nagusien arteko elkarreragingarritasunerantz. Horri esker, Portugalgo gure erabiltzaileek dirua berehala bidali ahal izango diote Espainiako edo Italiako mugikor-zenbaki bati, eta hartatik jaso, ahalik eta modurik erosoenean eta seguruenean. Uste dugu Europako mugikor bidezko ordainketa-soluzioen arteko elkarreragingarritasunak SEPA berehalako ordainketen ahalmen osoa baliatzeko aukera ematen duela, eta Europa osoko ordainketa benetan eraginkor eta berritzaileetarako oinarriak ezartzen dituela».