Saltar al contenido principal
  • Actualidad

BIZUM, BANCOMAT eta MB WAYren arteko berehalako nazioarteko ordainketak hedatzen hasi dira

Tiempo de lectura: 3 min
Publicación: 27/11/26

Bizumek, Bancomatek eta SIBSek aurrera egin dute beren soluzioak elkarrekin konektatzeko lanean, EuroPA (European Payments Alliance) ekimenaren esparruan, eta urrats garrantzitsua egin dute kontinenteko mugaz gaindiko ordainketetan. Hala, hiru soluzioak elkarrekin konektatzen hasi dira, eta horri esker, Espainiako, Andorrako, Italiako eta Portugalgo erabiltzaileek dirua berehala bidali eta jaso ahal izango dute, mugikorraren zenbakiaren bidez eta gogokoen dituzten ordainketa-soluzioak erabiliz.

Abian jartze honi esker, hiru soluzioen erabiltzaileek erraz egin ahal izango dituzte berehalako mugaz gaindiko transferentziak, gaur egun duten abiadura eta bezero-esperientzia berarekin. Orain arte bezala, nahikoa izango da agendako kontaktua hautatzea eta zenbatekoa adieraztea: dirua berehala egongo da eskuragarri hartzailearen kontuan, segurtasun eta konfiantza maila berarekin.

Gaurtik aurrera, bezeroei tokian tokiko soluzio bakoitza eskaintzen dieten banku atxikiak pixkanaka hasiko dira beren soluzioak elkarrekin konektatzen. Aurreikusten da Espainiako, Andorrako, Italiako eta Portugalgo banku guztiak ekainean konektatuta egongo direla. Bankuek zerbitzuaren erabilgarritasunaren berri emango diete bezeroei.

Espainian, Banco Santander, Abanca eta Openbank zerbitzua beren bezeroei pixkanaka zabaltzen hasi dira, eta datozen asteetan CaixaBank, BBVA eta Banco Sabadell batuko zaizkie. Bizumi atxikitako gainerako bankuak zerbitzua aurtengo bigarren hiruhilekoan abiarazteko lanean ari dira.

EuroPAk Bizum, Bancomat eta MB WAYren arteko elkarreragingarritasuna ahalbidetzen du dagoeneko, eta lau lurraldeetako 50 milioi pertsona baino gehiago —horietatik ia 30 milioi Bizumen erabiltzaileak dira— eta 186 finantza-erakunde konektatuko ditu. Bizum, Bancomat eta MB WAY dira ordainketa mugikorretarako soluzio nagusiak beren herrialdeetan: 2.000 milioi ordainketa baino gehiago egin ziren haien bidez 2024an —erdia baino gehiago Bizumi dagozkio—, eta lau herrialdeetako berehalako ordainketa guztien % 65etik gorako kuota izan zuten. Espainiako soluzioaren kasuan, kuota hori % 90 ingurukoa izan zen iaz.

Europaren ordainketa-autonomia eraikitzen

EuroPA ekimena bat dator ordainketen arloan Europaren autonomia lortzeko helburu estrategikoarekin. Horretarako, Europako SEPA estandarrak hartzen ditu, eta Europan dauden ordainketa-soluzio eta -azpiegitura nagusietan erabiltzaileek duten konfiantzan oinarritzen da.

Ángel Nigorra Bizumeko zuzendari nagusiaren arabera, «Europan dagoeneko nagusi diren soluzioak elkarrekin konektatzea da aukerarik egokiena egungo erabiltzaileentzat, ez baitituzte ordainketa-ohiturak aldatu beharko beste herrialde batzuetako partikularrekin eragiketak egiteko. Aliantza honi esker —ziur nago hilabete gutxiren buruan zabalagoa izango dela—, 50 milioi pertsona baino gehiagok mugaz gaindiko ordainketak egin ahal izango dituzte soluzio berriak hartu beharrik gabe, dagoeneko konfiantzazko duten ingurune batean eta bezero-esperientzia atsegin, ezagun eta erraz batekin».

Aurreikusten da aliantza hazi eta herrialde gehiagotara hedatuko dela, bai eurogunera bai eurogunetik kanpora, pertsonek eta enpresek Europan ordainketak egiteko modua erraztuz. Era berean, partikularren arteko ordainketen erabilera-kasua zabaldu ondoren, ekimena etorkizunean hedatu eta beste erabilera-kasu batzuk ere barne hartzea espero da. Horren guztiaren helburua Europako ordainketa-azpiegitura berritzaile eta fidagarri bat indartzea da.

Secret Link